Patri Urkizuk orduko zenbait kronika, gutun eta bertso bildu
ditu liburu batera
Patri Urkizuk Lehen Mundu Gerrari buruzko liburua plazaratu
du Maiatz argitaletxearen bitartez. Aldizkari zaharrak arakatuz eta han eta
hemen kontsultak eginez, era askotako materialak ekarri ditu liburura:
kronikak, gutunak, hilen omenezko testuak, eleberriak, poesiak, koplak,
bertsoak eta antzezlan zatiak. Izenburu hau ipini dio: ‘1914-1918. LekuPatri
Urkizuk orduko zenbait kronika, gutun eta bertso bildu ditu liburu baterakoak’.
Zorigaitz hura bizi izan zutenen testigantzak irakur
daitezke liburuan. «Testuok odol bizia dira», adierazi du Urkizuk. Ez da
lehenengo aldia gai honen inguruan lan egiten duena; adibidez, 1995ean
Alberdania etxerako Jean Elissalde ‘Zerbitzari’ apaiz kronistaren ‘LVIIa
gerlan’ editatu zuen.
Liburuan hainbat eta hainbat lagunen testigantzak ageri
dira. Bat bakarra da emakumea, eta anonimoa. Bertso batzuen egile moduan ageri
da, eta honela hasten du: «Alarguntsa niz eta bihotza tristerik / Ene senharra
beita gerla huntan hilki».
Orduko kronikei dagokienez, batez ere ‘Eskualduna’
aldizkarian topatu ditu Urkizuk. Astekari katoliko horrek gerraren hasiera
beretik eskaini zituen kronikak, batzuk euskaraz, besteak frantsesez. Eta,
beti, gerraren alde. «Ipar Euskal Herriko euskaldunak, apaizak eta apaizen
ingurukoak, etengabe ari ziren, euskara hutsez, Frantzia goraipatzen, eta
herriaren alde hil zirenak omentzen», irakur daiteke Wikipediak gaiari
eskainitako artikulu luzean.
Gutunen sailean, berriz, liburuaren azalean ageri den
gizonarena irakur daiteke. Simon Hastoy (Atharratze, 1894-1961) lubaki batean
agertzen da, jana banatzeko orduan. Eskuetan ontzi batzuk –zopaz beteak–,
lepotik zintzilik ogi borobil handia.
Lanpostu arriskutsua zen Hastoyrena, eta behin baino
gehiagotan izan zen zauritua. Gizonak honela deskribatzen du bere egitekoa:
«Zopa, aragi puska bat eta ogia ekarten düe, zopa beti hotz da, zeren gaixo
gizonek hiruzpalau kilometraz ebilten dira janariaren ekarteko».
Eta lubakira heltzen denean hau da ikuskizuna: «Arroilatik
[lubakitik] konpainia bat elkitzen [irteten] denean, tonbatik [hobitik]
elkitzen diren mamuen itxüra dü, biloak [ileak] lüze, bizarrak lüze eta lohiz
beterik , begitarte akitüak...».
Zail da eskutitz haietan aitorpen pertsonal latzik topatzea,
zentsuratik baitziren denak. Soldaduek ezin zuten barrena askatu.
Bi eleberri zati ere hartu ditu Urkizuk, bata Jean
Barbierren ‘Piarres’-ekoa, bestea Xabier Montoiaren ‘Hezur gabeko hilak’
liburukoa; bata 1929ko literatur lana, bestea 1999koa. Ezin izan du Mikel
Peruarenaren ‘Su zelaiak’ erabili; ordurako entregatua baitzuen testuen
bilduma.